Etengailu diferentziala, linea orokorrean tartekaturik dagoen dispositiboa da; gure gorputz edo aparaturen baten metalezko egituran zehar korronte elektrikoa zirkulatzean linea mozten duena.
Demagun etxeko garbigailuko eroaleren baten isolamendua hondatu egin dela, garbigailuaren txaparekin kontaktuan dagoelarik. Etxeko instalazio elektrikoa behar den bezala eginda badago eta lur-linea badauka, babeseroalean zehar, korrontearen parte bat lurreratu egingo da.
Jakina denez, edozein aparatu elektriko konektatzeko, bi eroale behar ditugu: bata, korrontea lineatik aparatura joan dadin, eta bestea, korrontea aparatutik lineara itzul dadin, eta batetik, adibidez, 10 ampereko intentsitateak zirkulatzen badu, bestetik ere, inolako ihesik ez badago, intentsitate berberak zirkulatuko du.
Gure garbigailuaren kasura itzulirik, azaldu dugun arrazoiagatik, korrontearen parte bat garbigailuaren metalezko egituratik deribatu egin da, lurrera joan delarik. Beraz, lineara itzuliko den korrontea, lineatik joan dena baino txikiagoa dugu. Hain zuzen ere, intentsitate-diferentzia honek eragingo dio etengailu diferentzialari, beronek linea moz dezan.
Demagun orain, gure etxeko instalazio elektrikoa behar den bezala eginda ez dagoela, lur-linearik ez daukalarik. Kasu honetan garbigailua ukituko bagenu eta lurrarekiko isolaturik ez bageunde, korrontearen parte bat gure gorputzean zehar deribatuko litzateke, egoera hau oso arriskutsua izanik. Hala ere, arestian azalduriko kasu berean gaude: gure gorputzean zehar, korrontearen parte bat lurreratu egin da. Beraz, lineatiko korrontea eta linearakoa desberdinak direnez, etengailu diferentzialak babestu egingo gaitu, gure gorputzarentzat arriskutsuak diren intentsitateetara iritsi baino lehen linea moztuz. Gauza bera gertatuko da aparatu baten borne edo zuritutako eroale bat ukitzean.
Dena dela, ondokoa ere esan beharra dago: etengailu diferentzialak ez gaitu babestuko, aldi berean bi eroale edo bi borne ukitzean. Kasu honetan, gure gorputzak edozein hargailu bezala jokatuko du.
Ez dago lurrerako ihesik, eta berau dugu, hain zuzen ere, etengailu diferentzialaren funtzionamenduaren oinarria.
Linea moztuko duen intentsitate-diferentziari, etengailu diferentzialaren sentikortasun deritzo.
Esana dugunez, etengailu diferentzialak geu babesten gaitu.
Dena den, gure segurtasuna garrantzitsua izanik, etxeko instalazioarena ere kontutan hartzeko modukoa da, eginkizun honetarako bestelako etengailuak (etengailu magnetotermiko deritzenak) erabiltzen direlarik.
martes, 8 de enero de 2008
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario